2016(e)ko apirilaren 26(a), asteartea

HEZKUNTZA



Hezkuntza hitza entzuterakoan, eraikin bat datorkigu burura beti: eskola.

Hezkuntza hitza entzuterakoan, mahaiak, aulkiak, arbela… datorkigu burura.

Baina hau hezkutza guzti hau baino gehiago da. Hezkuntza gizarteratze modua da; honen bidez gizartean bizitzeko “beharrezko” ezagutzak barneratzen ditugu. 

Hezkuntza ezagutzak, baloreak, ohiturak eta jokatzeko moduak transmititzen dituen bi norabideetako gizarte-prozesua eta horren emaitza da. Hezkuntza sozializazio eta kontzientizazio kultural, moral eta konduktualaren prozesu bezala ere uler daiteke. Horrela, hezkuntzaren bidez, belaunaldi berrietako gizabanakoek aurreko belaunaldikoen ikuspuntuak, jokamoldeak eta ezagutzak ikasi edo bereganatzen dituzte, horiek une historikora edo kulturalera egokituz. (Wikipedia, 2016)

Gizarteratze prozesuan ikasten diren rolak, arauak eta balioak ikastea eta barneratzea suposatzen du. Modu zehatz bateko pertsona izaten ikastea. Terminologia soziologikoan, “instituzio sozial” bat, rol multzo batek osatuko luke eta instituzio guzti horiek gizartea osatuko lukete. Arauak dira gizarteratze prozesuan ikasi eta barneratzen diren beste kontzeptu garrantzitsu bat. Hauen bidez pentsatzeko, sentitzeko eta izateko moduak inposatzen zaizkigu. 

Familia da hezkuntza agente garrantzitsuena, pertsonok, taldea behar dugu bizi irauteko eta garatzeko. Familia da babes eta laguntza hori eskaintzen diguna, mundua erakusten digun gizarteratze agentea. Familia ereduak aldaketan jasan ditu (guraso bakarrekoak, bananduak…), honez gain emakumeen rolak ere, aldatu egin dira. 

Familiak hezkuntza ez formalean eragin zuzena duela esan beharra dago, A. Banduraren (1925) teoriaren arabera, pertsona erreferenteak imitatzen baititugu.
Eskolan, beste familia batzuetako umeak topatzen ditugu, bere mundu propioa zalantzan jartzea eta zabaltzea suposatzen duelarik. Honela, gizarteratzen jarraitzen dugu hezkuntzaren bidez, arau eta balioak barneratzen. 

Talde sozialak nerabezaro eta gaztaroan izaten dira bereziki garrantzitsuak. Helduen kontrolpetik ihes egin daitekeen ondorioz, oso eragingarria da nerabe eta gazteentzat.
Hortaz, hezkuntza mota ezberdinak ikusi genitzazke; (1) hezkuntza formala; lehen aipatutako instituzio eskolarra, (2) hezkuntza ez formala; talde konkretu batek eman dezakeen hezkuntza aisialdi taldeak adibidez eta (3) hezkuntza informala; gure aburuz garrantzizkoena, kalean jasotzen den hezkuntza.

Denok gara hezkuntza eragile hezkuntza informal horretan. Baina hala ere, hezkuntza faltari, ezari edota ez egokiaren errua familiei egozten diegu, gure ardurak alde batera utziz. Denok pertsona erreferente gara, denok egin dezakegu zerbait honen aurrean.
Hezkuntza da mundu mailan dagoen armarik garrantzitsuena, askok hau badakite eta gure aurka erabiltzen ari dira. Hortaz, guk hau jakinda, zer egin dezakegu?


2016(e)ko apirilaren 14(a), osteguna

HAURREN AISIALDIAREN GARRANTZIA





HAURREN AISIALDIAREN GARRANTZIA



Aisia norberak bere borondatez, denbora librean egiten dituen ekintzak dira eta ez inork inposaturikoak. Ekintza hauek norberaren denbora librean gauzatzen dira eta ez dute zertan etekinen bat izan beharrik, baizik eta bakoitzaren interesen araberakoak izan behar dute. Horregatik, oso garrantzitsua eta beharrezkoa da haurrei galdetzea zer den egin nahi dutena eta nola egitea gustuko duten. Adibidez, batzuk nahiago dute lagunekin jolasean ibili, beste batzuk, bideo-jokoetan jolastu edota kirola egin, eta abar.

Bi aisialdi mota nagusi bereiztu behar dira; aisialdi hezigarria eta behartutako ekintzez gauzatutako aisia. Aisialdiko heziketa, haurren bizi kalitatea hobetzea eragiten du, honen bitartez, antsietatea, bazterketa eta gizarteak dituen hainbat gaitz izatea ekidin dezakeelako. Helduok, haurrei transmititu behar diegu kalitatezko aisialdia izatearen garrantzia. Aisialdia ekintza ezberdinen bidez gauzatzen dira, jostailuak, bideo-jokoak, ordenagailuak, eta abar. Baina irakatsi behar diegu sormenezko aisia izaten, hau da, baliabide materialetik at aisia ere izan dezaketeela.
Behartutako ekintzak, aldiz, denbora librean ekintza akademiko gehiago egitea suposatzen du normalean, hizkuntzak esaterako, modu honetan haurren eskola orduak luzatuz.

Azkeneko urteetan, umeek gero eta kirol gutxiago egiten dute eta bizitza sedentarioagoa dute. Horregatik, haurrei kontzientziatu behar zaie txikitatik kirolaren onuraz eta dibertigarria izan daitekeela, jolasa eta kirola elkartzen dituen ekintzak praktikatuz, esaterako, saskibaloia edo multikirola. Gainera, kirola praktikatzean berdinekiko harremanak sustatu dezakete eta zenbait balore transmititu, taldetasuna, enpatia, laguntasuna, eta abar.

Beraz, haurren hitza beti kontuan izan behar da beraien nahia eta gustuak betez eta ez aurreko sarreretan esan bezala, helduek haurrei beraien pentsaera eta beraien nahia inposatu.

2016(e)ko apirilaren 3(a), igandea

HAURREN ESKUBIDEEN HITZARMENA



Gaur, haurren eskubideei buruz hitz egingo dugu, bereziki, Haurren Hitzarmenari buruz.
Informazio gisa;

Haurraren Eskubideei buruzko Hitzarmena (HEH) haurrak agente sozial gisa eta beren eskubideen jabe aktibo gisa hartzen dituen nazioarteko lehen tresna da.
Testua 1989ko azaroaren 20an onartu zuen Nazio Batuen Batzar Nagusian eta 1990eko irailaren 2an sartu zen indarrean.
Bere 54 artikuluek haur guztien eskubide ekonomiko, sozial, kultural, zibil eta politikoak biltzen dituzte. Hitzarmenaren aplikazioaren betebeharra Gobernuena da, hala ere, beste agente batzuen betebehar eta erantzukizunak ere definitzen ditu, hala nola; guraso, irakasle, osasun arloko profesional, ikerlari eta haurrenak berenak.
HEH sekulan gehien berretsi izan den nazioarteko ituna da. Jadanik berretsi duten 193 herrialdeek, ituna betetzen dela agertu behar diote Haurren Eskubideen Batzordeari. Batzorde hau, haurren eskubideen arloan adituak diren 18 pertsonek osatzen dute, herrialde eta araudi juridiko ezberdinetatik eratorriak.
Hitzarmenak bi protokolo osagarri ditu. Haurren salmenta eta prostituzioarekin loturiko protokoloa eta haurrek gatazka armatuetan parte hartzeari buruzko protokoloa.

Besteak beste, 22. artikulua aipatzekoa da gaur egungo egoera ikusita: “Haur eta gazte errefuxiatuek (gerra edo beste edozein egoera tarteko) babes berezia jasoko dute. Agintariak haur horiek zaindu eta babesten dituzten erakundeekin lankidetzan arituko dira”. Arttikulu honen arabera, haur errefuxiatu guztiek dute babesa jasotzeko eskubidea. Honez, gain, eskubide hau betearazi behar duena ere aipatzen du, erakunde eta agintariek. Hala ere, Grezian gertatzen ari den den egoerari erreparatzen badiogu, milaka haur dakusagu egoera penagarrian, agintariek ezer egiten ez duten bitartean, edo agian gehiegi egiten dute, baina ez hauen hobe beharrez.

Honetaz gain, gure gaian zentratzeko 28. artikulua aipatu nahi genuke: hezkuntzari buruz datza. “Hezkuntzarako eskubidea duzu. Lehen hezkuntza nahitaezkoa eta doakoa izan behar du, eta bigarren hezkuntzan jarduteko edo unibertsitatera joateko erraztasuna izan behar duzu. Herrialdeetako gobernuek eskubide hau mundu osoan gauza dadin lan egin behar dute. Eskolako zigorrak ez dira iraingarriak izango, ezta laidogarriak ere”. Jakin badakigu, herrialde guztietan artikulu hau ez dela betetzen, hezkuntza eskubidea ez da bermatzen, eta ahala balitz ere, ez dago erraztasunik honela izan dadin. Hau da, milaka eta milaka umek lan egin behar dute haien bizitza aurrera ateratzeko, beste askok gerretatik ihes egin behar dute, beste batzuek ordea, eskolara iristeko zailtasunak dituzte eta gobernuek ez dute ezer egiten hau honela izan ez dadin.

54 artikulu hauetatik, betetzen direnak, haur batzuentzat soilik dira eta egoera konkretuetan.
Haurren hitzarmena ezinbestekoa dela deritzogu, baina benetan ezinbestekoa dena, hau betetzea da, norbaitek botere betearazle hori edukitzea, hitzarmena munduko leku denetan aplikatzea. Haurrak etorkizuneko gizartea  dira, hauen eskubideak denen artean bermatu behar ditugu.
Esan beharra dago, munduko herrialde guztiek sinatu dutela dokumentu hau bi herrialdek izan ezik: Estatu Batuak eta Somaliak.